XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Pena da Caldo, Fontán, Fernando Aznar, etab. luzea hemen gure ondoan ez egotea; elkarrekin egokituz gero, ehundaka anekdota bitxi elkarri kontatzeko aukera aparta izango baikenuke.

- Hara horietako bat, Touringen nengoela gertatu zitzaidana. Lehen partidua zen, Zarautzen, oso erraz irabazi genuen. Planteamentu taktikoak horrela eskatzen zuelako, Fontán ez nuen alienazioan sartu eta bera taldean titular finkoa zenez ezinbesteko figura alegia, egundoko nahigabea hartu zuen nire erabakiaren aurrean. Nola arraio liteke hori!, nik ez dudala jokatuko? galdetzen zion bere buruari guztiz atsekabeturik.

- Fontáni buruz ari garenez, gogoan daukat Alarciarekin zeukan etengabeko lehiakortasun osasuntsu hura. Sarritan, atezain honek jokalari bat gehiago balitz bezala jaduten zuen futbol-zelaian eta ikustekoa zen nola gozatzen zuen Fontáni iskin egitea lortzen zuen bakoitzean.

- Alarciaren izena aipatu duzu, iritsi al zen Lehen Mailan jokatzera?

- Bai, Oviedon jokatu zuen, eta Valentzian jokatzeko zorian ere egon zen. Pasieguito hernaniarra zen Valentziako teknikoa orduan eta oso gertutik jarraitu eta aztertu zuen Larzabalgo entrenamenduetan baina azkenik Oviedo taldeak sartu zuen muturra eta honek eraman zuen.

- Anekdota bitxiren bat?

- Oso gogoan daukat Fernando Aznarrek eta Roberto Otaegik zeukaten gorpuzkera: luzexkak ziren biak, indargabeak ziruditen. Nafarroa aldera joan behar izaten genuenean, jatetxeetako ohiko menuan salda, tortilla eta oilasko laurdena sartzen zen. Behin baino gehiagotan ohartu nintzen, ordea, mahaitik altxatzerakoan, aipatu bi jokalari horiek bazkaltzen hasi aurretiko gose-aurpegi berbera zeukatela jan ondorenean ere. Menua bikoiztea erabaki nuen eta orduan bai aurpegi alaia eta pozgarria beraiena.

- Hona beste kontu bitxi bat. Urte haietan ospe handiko gizona genuen Touringeko zaletua eta medikua zen Venancio Munita jauna. Jaiotzez tolosarra bazen ere, bere bizitzako urte asko Errenterian eman zituen, arazo politikoen ondorioz. Taldearekin batera joan ohi zen Nafarroako herrietan barrena jokatu beharreko partiduetara eta gizon berritsua zenez, gustuko zuen jokalariekin txantxetan ibiltzea. Eta hauetako batzuk, Goyo, Alzugarai, Aznar, Cienfuegos, etab.ek D. Venancio autobusean erdilotan zetorrenean, isil-isilik berarengana hurbildu eta Gora Erregea! oihukatzen zuten haren belarri ondo-ondoan. Marmarka bat edo beste bota baina horrelako txantxak jasan behar izaten zituen gure Don Venanciok.

- Autobusean une alaiak gozatzeko aukera izaten genuen. Horren lekuko dira Luis Lopezek, Bombak, Lopez Rekarte anaien aitak, bere emaztearekin bikotea osatu eta biek batera eskaintzen zizkiguten kantu atsegin eta alaigarriak.

- Nafarroako irteera haiek, espedizio-traza osoa zeukaten, ezta?

- Nik uste baietz. Itzulerak, partidua irabaztea lortzen genuenean bereziki, festa-giro zalapartatsuan ospatzen genituen.